Aralarrek pasa den ostiralean Laudioko Lamuza Plazan publiko egin zituen bere programaren oinarriak. Andoni Estefania zerrendaburuak adierazi zuenez, “Laudio hobetzea ez dago bakarrik gure esku, udalek baliabideak izan behar dituzte horretarako. Gure ustez, Udal Legea udalen beharrei aurre egiteko ezinbesteko tresna da eta lege honen onespena lehenbailehen egin behar da.”
Hainbat gai jorratu zituzten Aralarreko hautagaitzaren kideek, hala nola, trenbidearen lurperaketa Laudioko erdigunean, HAPOaren onespena eta babes ofizialeko etxebizitzen alokairuaren sustapena. Azkenik, Estefaniak argi utzi zuen “herritarrak politika publikoen protagonistak izan behar direla. Gure herriak aurrera egiten du herritarren partehartzearekin, gai bati buruz iritzi kontrajarriak daudenean herri galdeketak bultzatu behar dira, eraginkorra den eredu partehartzailearen aldeko apustua eginez.”